Helburu orokorrak
Proiektu honek harremanetan jarri ditu LGBT elkarteak, ikastetxeak eta haurren nahiz gazteen identitate sexualerako eskubidea sustatzen duten EBko hedabideetako profesionalak. Kontua da homofobiaren eta transfobiaren aurka borrokatzea, estereotipoak aztertuz eta, tresna pedagogikoak baliatuta, zalantzan jarriz.
Hezkuntza-tresna hau helburu nagusi hauekin sortu eta argitaratu da:
- Europako hezkuntzan genero estereotipoei eta homofobiari buruz dauden politikak eta teoriak sakonago ezagutzea, legeak eta politika garrantzitsuak eguneratuz, Oinarrizko Eskubideen Agentziak Homofobia eta bereizkeria joera sexualagatik Europar Batasuneko estatu kideetan izenburuko 2009ko txostenean* aurkeztu ziren moduan.
- Eskola maila guztietan, genero eginkizunei eta homosexualitateari lotutako estereotipoen ikuspegi konparatua eskaintzea (Europa mailan, proiektuan parte hartu duten erakundeen lankidetzan oinarrituta; lankidetza horrek estatu kide asko eta askotarikoak hartzen ditu bere baitan), hezkuntzaz arduratzen diren helduen artean eta, zeharka, ikasleen artean.
- Oro har ezagutaraztea herrialde kolaboratzaileetako ikastetxeetan gaur egun gauzatzen ari esperientziak edo proiektuak, hain zuzen, identitate sexualerako eskubidea sustatzearekin, homofobiaren aurkako borrokarekin eta jazarpen homofobo/transfoboarekin lotutakoak.
- Jarduera egokiak eta esperientziak trukatzea azaldutako ekimenekin zerikusia duten herrialdeen artean.
- Ikasgaiarekin lotuta dauden ikus-entzunezko produktuak ezagutaraztea, izan ere, Europan dagoeneko eskura dauden material bisualak sistematizatzeko eta haiek errazago eskuratzeko aukera ematen du proiektuak.
- Tresna pedagogikoen sorta bat sortzea, ikus-entzunezko zati batek eta irakaslearentzako gida inprimatuak osatutakoa, ikastetxeetan banatu eta erabil dadin, identitate sexualarekiko errespetua sustatzeko eta homofobia eta transfobiaren aurka borroka egiteko helburuarekin.
- Tresna pedagogikoen sorta hori irakasleekin eta ikasleekin probatzea eta ebaluatzea, horren transferitzeko ahalmena egiaztatu ahal izateko eta zuzeneko hartzaileen (irakasleak) eta zeharkako hartzaileen (haurrak eta gazteak) erreakzioak aztertzeko.
- Estereotipoen eta homofobiaren gaia jorratzerakoan, eta gai hori ikastetxeetan garatzeko ekintza zehatzak onartzean, eragile-sare zabalari esku harraraztea, bereziki, ikastetxeetako langileei, hedabideetako profesionalei eta elkarteei.
- Tresna pedagogikoen sorta Europako hainbat hizkuntzatan eskuragarri jartzea Europako herrialde guztietako irakasleei, beraien ikastetxeetako ikasketa-planetan erabil dezaten, haur txiki-txikiekin hasita. Horrela, sentikortasunez eta egoki sustatu ahal izango dira identitate sexualarekin lotutako jarduera egokiak, homofobia eta transfobia prebenitzeko sortutakoak.
Tresna-sorta hori zuzen-zuzenean derrigorrezko hezkuntza arautuaren sistemako eragile guztientzat da. Gai honen gaineko eztabaida eta kontzientziazioa sortu nahi ditugu hezitzaileen eta, oro har, publikoaren artean.
Zeharkakotasun estrategiari esker, proiektu hau interesa agertu duen beste talde batzuei ere iritsiko zaie, proiektuan zuzenean parte hartu ez badute ere. Tresna pedagogikoen sortaren barruan dagoen lehiaketaren zati bisuala hainbat zinemalditan banatuko da, ez bakarrik LGBT gaiak jorratzen dituzten zinemaldietan, baizik eta baita ere, modu zabalagoan, haurrei edo hezkuntzako profesionalei zuzendutakoetan.
* Txosten horren testu osoa esteka honetan aurki daiteke: fra.europa.eu/fraWebsite/...