Estereotipoen ikerketa
Unitate didaktiko hau proiektuko hainbat parte-hartzailek hezkuntza arloan egin duten landa-lanean oinarritu da. Bertatik bertarako lan hori lau herrialdetako (Bulgaria, Italia, Herbehereak eta Espainia) irakasleek egin dute batik bat. Beraien arteko desberdintasunak gorabehera, Europako herrialde askotan ezaugarri komun batzuk antzeman ditugu, eta horien laburpena aurkezpen egokia izan daiteke unitate hau sartzeko.
Oraindik ere kezka sortzen digu honako hau egiaztatzeak: gizartean bizirik jarraitzen du haurren eta gazteen artean genero eginkizunak eta estereotipoak sortu, erreproduzitu, mantendu eta indartzeak. Eginkizun eta estereotipo horiek eredu heterosexista, sexista eta baita homofoboetan ere oinarrituta daude. Honako hau egiaztatu dugu egindako landa-lanean:
- Gustuak eta interesak oso mugatuta daude, estratifikazio sozio-espaziala dago eta, definizio ezberdinak ematen dira generoaren edo sexuaren arabera debekatuta dagoenaz eta baimenduta dagoenaz;
- Maskulinitate eta feminitateari buruzko idealak zurrunak dira, adibidez, mutilak gogortasunagatik eta indarragatik saritzen dituzte, eta neskak, hauskortasunagatik eta zainketengatik.
- Tabuak daude sexuaz eta, bereziki, sexu-harremanaz argi eta serio hitz egiteko orduan. Harreman heterosexualekiko predeterminazio handia dago.
Eskolek eta familiek onartzen dute gizarteratzeko bide gisa eragina galtzen ari direla, gizarteratzeko eragile berri indartsuagoak daudelako (bideo jokoak, telebista, telebistako telesailak, filmak, etab.). Eragile berriok eginkizun maskulino eta femenino argiro konbentzionalak erakusten dituzte eta gazte eta nerabeei ereduak sortzen dizkiete. Zalantzarik gabe, zailagoa da eragile eta irudi berri horien ekintzari aurre egitea eta hori arautzea.
Gazte eta nerabeekin komunikatzeko orduan, hezitzaileek aniztasunaren aurreko oztopo gisa eta aurreiritzien eta beldurren iturri gisa ikusi dituzte familien zailtasunak, beldurrak edo aurreiritziak -euren hezkuntzako eta bizitzako esperientzian bertan hartutakoak-.
Prozesu horretan parte hartu dutenek ikusi dute oldarkortasuna edo agresibitatea, oro har, areagotu egin dela, ez bakarrik kuantitatiboki (eraso gehiago, baita nesken artean ere), baita kualitatiboki ere (hitzezkoa, gizartekoa, psikologikoa, ziberjazarpena...). Kezkatuta daude etengabe eraso homofoboak gailentzen direlako eta horiekiko permisibitatea dagoelako. Adierazi dutenez, horrelako erasoen aurrean, jarrera pasiboak ikusi dituzte ikastetxeetako ikasleen, irakasleen eta arduradunen artean, baita parekoen taldeen eta guraso elkarteen artean ere. Askotan, talde horiek gertakariak ukatzen dituzte edo ez ikusiarena egiten dute, eraso-egoeretan ez esku hartzeko, ez zigortzeko edo horiei aurre ez egiteko.
Etengabeko agresibitate horrekin batera, askotan hitzezko jazarpena ere egiten da eta horrek hizkera homofoboaren eta transfoboaren forma har dezake. Irakasleek eskoletan ez dute eraginkortasunez lantzen gai hori.
Laburbilduz, aipatutako lau herrialdeetan egin duten landa-lanaren ondoren, parte-hartzaile guztiak ados daude egiaztapen orokor hau egitean: ikastetxeetan kontu afektibo-sexualek ez dute lehentasunik, izan beharko luketen arren. Homosexualitatea errealitate ikusezina da eta ikusezin bihurtu nahi dena. Bisexualitatea eta transexualitatea ez dira aintzat hartu ere egiten.
Arestian azaldutakoa gorabehera, eragile askok adierazi dute oraingo egoera duela hamarkada batzuk baino askoz hobea dela. Adibidez, familia aniztasuna errealitate bat da Europako ikastetxe askotan. “Tolerantzia”, “errespetua” edo “berdintasuna” hitzak politikoki zuzena den eta gizartean onartuta dagoenaren barruan onartutako balio formalak dira. Hala ere, ikastetxe askori aniztasunaren erabateko esperientziarako bidea falta zaie.
Horrez gain, aintzat hartu da LGBT elkarteek egindako lana. Izan ere, hitz egiteko, laguntzeko eta bilerak egiteko eremua eskaini dute, identitateak sendotuz eta, azken batean, herritarren sentsibilizazioa eta LGBT esperientzia eta errealitatea ikus daitezen sustatuz. Zenbait elkartek eskarmentu handia dute ikasleei, fakultate eta ikastetxeei eta, gero eta gehiago, familiei prestakuntza eta aholkuak ematen.
Horrelako kontuak modu baliagarrian jorra daitezke aisialdiko eta arautu gabeko hezkuntzako eremuetan, horietan gazteei prestakuntza eta laguntza ematen baitzaie. Aisialdiko eta besteekin denbora pasatzeko eremu horiek bide ematen dute jatorri, adin, genero, eta abar desberdinak dituzten kideen arteko esperientziak trukatzeko.
Ikastetxe ugarik adierazi dutenez, gai horien gaineko materialak gutxi dira eta, zenbait kasutan, zaharkituta daude. Haien ustez, era askotako materialak sortu behar dira publiko zabal batentzat, hala nola familia eta guraso elkarteentzat, haur zaintzaileentzat, irakasleentzat eta unibertsitateko ikasleentzat (gero irakasle izango direnak), ikasle, gazte eta adin guztietako haurrentzat.
Beraz, elkarrekin lan egin dugu gida praktiko bat egiteko, irakasleek ikastetxeetan parte-hartzaileen artean integrazioa eta inklusioa sustatzeko baliabide gisa erabil dezaten, elkar ulertzeko eta elkarrekin bizitzeko moduak bilatzen lagunduko duen eremu komuna emanez. Konfiantza, identifikazio eta enpatia giroa sustatu nahi dugu, bada giro horrek erraztu egingo du, azken batean, identitate afektibo-sexualaren berri ematea eta gai horretan heztea, lasai baina zehatz-mehatz.