Danny's Parade
Filmari buruzko informazioa
Jatorrizko izenburua: Danny’s Parade
Iraupena: 15 min.
Zuzendaria: Anneke de Lind van Wijngaarden
Jatorrizko herrialdea: Herbehereak, 2007
Hizkuntza: Nederlandera
Generoa: Dokumentala
Gomendatutako adina: 15+ urte
Laburpena
Dannyk 14 urte ditu eta… gay da! Bera bezalako gay nerabeek bizitza bakarti eta zaila daukatenez gero, Dannyk Amsterdameko urteroko gay harrotasun martxan parte hartzea erabakitzen du, ‘Gay Canal Parade’ izenekoan, gay eta lesbianez beteriko itsasontzi batean! Herbehereetako komunikabideek Dannyren planaren berri jakin bezain laster, ospetsu bihurtzen da eta hainbat egunkarik bere prestaketa aditzera ematen dute.
Gai nagusiak
Nahi dena lortzeko iraunkortasuna eta erabakitasuna
Oztopoak gainditzea eta nork bere eskubideen alde borrokatzea
Identitatea
Familia
Parekoen arteko harremanak
Norbera homosexuala dela argi adieraztea (armairutik ateratzea) / Beste norbait homosexuala dela agerian jartzea (armairutik ateraraztea)
Aktibismoa
Giza eskubideak
Helburuak
Ikasleek zera egin dezakete: eskolan guztientzako eremu segurua sortu, eskutitz bat idatzi ospe edo eragin handiko pertsona bati;
Ikasleek hedabideen zereginaz jabetzea;
Ikasleek esaldi hauen esanahia jakitea: Coming Out (norbaitek gay edo lesbiana dela adieraztea, “armairutik ateratzea”); ‘Coming Out Day’ delakoa (armairutik ateratzeko eguna), gay harrotasunaren eguna.
Jarduerak
A. Filmaren | aurretik: | Aurkezpena | 5 min. | |
1. ariketa | Gay @ school | Binaka | 30 min. | |
B. Filma proiektatzea: | 15 min. | |||
C. Filmaren ondoren: | ||||
2. ariketa | Lehenengo inpresioak | Denak elkarrekin | 15 min. | |
3. ariketa | Argazkian | Denak elkarrekin | 15 min. | |
4. ariketa | Gutun bat | Banaka | 15 min. |
A: Filmaren aurretik
1. ariketa: Gay @ school (armairutik ateratzea!)
Gay eta lesbiana askok badakite oso gaztetatik ezberdinak direla.
Baina gurasoei, anai-arrebei eta lagunei gay edo lesbiana zarela kontatzea kontu serioa da. Gay edo lesbiana, modu irekian, bizitza pribatuan bakarrik izan zaitezke, baita eskolan ere, babesten zaituen inguru segurua baldin badago. Norbera homosexuala dela adierazteak, hau da, armairutik ateratzeak esan nahi du balorea eta independentzia izatea. Familia eta lagunen babesa izateak gauzak errazten ditu.
Urriaren 11 armairutik ateratzeko nazioarteko eguna da, ‘International Coming Out Day’ mundu guztian.
Zenbateraino da segurua zure eskola?
Edozein ikasle edo irakasle gay edo lesbiana izan daiteke modu irekian?
Erasoaren aurkako protokolorik ba al dago?
Zure ikastetxean pentsaera irekiko eta babesa eskaintzen duen giroa al dago?
Mundu guztia izan daiteke den bezalakoa?
C: Filmaren ondoren
2. ariketa: Lehenengo inpresioak
Ikasleen lehenengo inpresioak aztertzeko, lau ideia hauekin has zaitezke:
PELIKULAK ZERA ERAGIN DIT...
HUNKITU NAUTEN UNEAK
ALDERDI BISUALAK
GALDERAK
Ikasleei denbora tarte bat utzi behar zaie, filmak iradoki diena arbelean edo ohar koaderno batean idatz dezaten. Beharbada, laburki azaldu beharko dira gai nagusiak.
PELIKULAK ZERA ERAGIN DIT...
Lehen goiburu honen pean, ikasleek idatziz adieraz ditzakete filma ikusi bitartean sentitu dituzten emozioak. Edukiari lotuta egon daitezke, bai eta onarpen edo gaitzespen sentimenduei ere.
HUNKITU NAUTEN UNEAK
Bigarren orrialdean, idatziz jar dezakete interesgarria iruditu zaien filmeko edozein momentu, gogoratzen dituzten uneak, zirrara eragin dieten uneak.
ALDERDI BISUALAK
Hirugarren orrialdeak proiekzioan zehar antzeman dituzten alderdi bisual guztiak apuntatzeko balio du. Kamerari, soinuari, musikari, koloreari, argitasunari, antzezpenari...lotutako lanaren alderdiak.
GALDERAK
“Galderak” izeneko atalean ikasleek ulertu ez dituzten gauzen inguruko edozein galdera egin dezakete: edukia, pertsonaiak, eszenatokia, elkarrizketa, argumentua...
Ariketa horri esker, taldean "sentitzen" denaren erakusgarri bat izango duzu: eszena esanguratsuak, hainbat alderdi bisual garrantzitsu eta egindako galderak. Abiapuntu ona eztabaidatzen jarraitzeko!
3. ariketa: Irudian (bitarteko asko)
Munduko hainbat hiritan LGBT Harrotasunaren urteko ospakizun bat izaten da, eta Amsterdameko martxa, Canal Parade izenekoa, horietako bat da. Gayek, lesbianek, bisexualek eta trans pertsonek jendaurrean ospatzen dute euren identitatea. Ohiko komunikabideek ekitaldi horiek aukeratzen dituzte homosexualitatea irudikatzeko. Gehienek mugako irudiak erakusten dituzte, erdi biluzik dauden gizonenak, ohiz kanpoko pertsonaiak elkarrizketatzen dituzte. Itsasontzietako batek ‘Danny’s Parade’ du izena, film honen pertsonaia nagusiarengatik, Dannyrengatik. Ez dago erdi biluzik, ez da muturrekoa, ezta drag queen bat ere. Gay gazte bat da, besterik ez.
Zer-nolako irudiak ikusten dituzu telebistan LGBT taldeaz?
Zergatik aukeratzen dituzte hedabideek horrelako estereotipoak?
Nola aukeratzen dituzte gaiak hedabideek?
Kazetaria izango bazina, nor elkarrizketatuko zenuke eta nolako galderak egingo zenizkioke?
Kameralaria izango bazina, nor erakutsiko zenioke jendeari?
4. ariketa: Gutun bat (familiaren onespena)
‘Danny’s Parade’ gurasoei eta anai-arrebei bidaltzen dien gutun batekin hasten da. Modu hori aukeratu zuen gay dela kontatzeko. Dannyk familiaren babesa dauka, baina kontatzeko beldur zen. Horrexegatik idatzi zuen gutuna.
Zeren beldur zen Danny?
Lagunei kontatu zien, ikaskideei?
Zer beste modu daude hori kontatzeko?
Idatz iezaiozu gutun bat lagun bati, senideren bati edo zure gurasoetako bati, zuretzat kontatzen zaila den gai bati buruz.
Azaldu zer esan, kontatu eta galdetu nahi zenuen, baina beldur zinen.