Proiektuaren aurkezpena
Rainbow (Intolerantziaren aurkako eskubideak, aurreiritzirik gabeko mundu bat eraikitzen, ingelesezko siglen arabera) Europar Batasuneko gay eta lesbianen, bisexualen eta transexualen elkarteak, ikastetxeak eta hedabideetako profesionalak harremanetan jartzen dituen proiektua da, haurrek eta gazteek identitaterako duten eskubidea sustatzeko. Horrela, homofobiaren eta transfobiaren aurka borrokatu ahal izango dira, estereotipoak aztertuz eta hezkuntza tresnen bidez zalantzan jarriz.
Ikerketa bat egin da Italian, Espainian, Herbehereetan eta Bulgarian, ikuspegi orokorra lortu nahi baitzen Europan lehen hezkuntzan dauden genero-estereotipoekin eta homofobiarekin loturiko politikez eta teoriez. Ikerketak beste helburu bat ere bazuen: hain zuzen, parte hartzen duten herrialdeetako ikastetxeetan gauzatzen diren egungo esperientzien eta proiektuen konparaziozko ezagutza lortzea. Esperientzia eta proiektu horiek identitate sexuala izateko eskubidearekin lotuta daude, baita homofobiaren eta jazarpen transfobikoaren kontrako borrokarekin ere.
Proiektu honetan lan egin duten 8 herrialde ezberdinetako irakasle, boluntario, psikologiako eta hezkuntzako profesionalen ahaleginak hiru produktu erabilgarri eskaini zizkigun gure helburuak lortzeko:
- 6 eta 16 urte bitarteko ikasleak dituzten irakasleentzako tresna pedagogikoen sorta. Ikus-entzunezko zati bat du (bederatzi film labur) eta irakaslearentzako gida bat. Ikasleek filmen esanahia uler dezaten eta irakasleek portaera homofoborik gabeko ingurune askea lor dezaten laguntzeko jarduerak ditu zati horrek.
- Europako nerabeek egindako film laburren lehiaketa bat.
- Jolaserako tresnen sorta bat, beste talde batzuen artean, LGBT eta ez-LGBT elkarteentzat. Tresna horien helburua da hezkuntza-eremu ez formaletan identitate sexuala errespeta dadin erraztea eta homofobiari aurre egitea, adibidez, LGBT pertsonen eta heterosexualen arteko elkartasuna bultzatuz. 16 urtetik gorakoentzat da.
Hiru produktu horiek istorioak eskaintzen dizkiete erabiltzaileei, besteen istorioak entzuten eta eurenak kontatzen laguntzen diete, bukaeran alde batera utz ditzaten izan ditzaketen oinarririk gabeko aurreiritziak. Izan ere, gure ustez, elkarrekin zenbait jardueraz hitz egiteak lankidetza-mekanismoak garatzea bultzatuko du, eta mekanismo horien ondorioz, ezberdintasuna errespetatuko da eta portaera intoleranteak eztabaidatu ahal izateko jarrera solidarioak sortuko dira.
Proiektu honek aukera asko eskaintzen ditu: ikastetxean lagun batekin film bat ikustea; ikaskide batekin jarduera bat gauzatzea; lagun batekin gai jakin bati buruzko film laburra egitea; edo kirol taldeko kideekin rol-joko batean parte hartzea. Jarduera horiek guztiek lagun dezakete ulertzen zein erraza eta komenigarria den aurreiritzirik gabeko bizitza bizitzea.
Ez daukagu irtenbiderik lesbiana, gay, bisexual eta transexualek (LGBT) bizi dituzten arazo guztientzat, eta bildu eta kontatu ditugun istorio guztiek ere ez dituzte konpontzen arazo horiek. Adibideak besterik ez dira, gure munduari begiratzeko modu bat, eta horien bitartez kasu zehatzetan ere konponbideak aurki daitezke.
Hemendik aurrera, espero dugu ekintza honetan parte hartzea erabakitzeko behar den motibazioa senti dezazun eta tresna hauek zure ikasleekin erabil ditzazun.