Donkey Girl
Filmari buruzko informazioa
Jatorrizko izenburua: Donkey Girl
Iraupena: 13 min.
Zuzendaria: Ties Schenk
Jatorrizko herrialdea: Herbehereak, 2006
Generoa: Fikzioa aktoreekin
Hizkuntza: Nederlandera, arabiera
Gomendatutako adina: 11-14 urte
Laburpena
Farouzi (12 urte), jatorri arabiarra duen neskatila nederlandarra, esna amets egiten ari da eta leihotik begira dago arrantza-industria batean lan egiten duen bitartean. Ez zaizkio interesatzen bere laneko mutilak. Bere astoa bakarrik axola zaio benetan, Soufiane, eta hori beti bere atzetik joaten da. Egun batean neska bat heltzen da lantegira, motorrean. Iritzi propioa duen neska horren etorrerak Farouzi berehala bere asto gainean jarri eta zoriaren bila joatera bultzatzen du. Bi neskek hondartzan topo egiten dute. Nolabait, elkar ulertzen dute. Poliki-poliki euren harremana estuago bihurtzen da. Bi nesken arteko topaketa misteriotsua irudi gozo eta, aldi berean, indartsuen bidez islatzen da.
Gai nagusiak
Estereotipoak
Norberaren zoriona
Kideen arteko harremanak
Ziurgabetasuna
Ezberdina sentitzea
Senari jarraitzea
Kultura aniztasuna
Jarduerak
A. Filmaren | aurretik: | Aurkezpena | 5 min. | |
1. ariketa | Mutilen eta nesken gauzak! | Binaka | 30 min. | |
B. Filma proiektatzea: | 15 min. | |||
C. Filmaren ondoren: | ||||
2. ariketa | Lehenengo inpresioak | Denak elkarrekin | 15 min. | |
3. ariketa | Non, noiz eta nork? | Denak elkarrekin | 15 min. | |
4. ariketa | Ez esan! | Banaka | 15 min. |
A: Filmaren aurretik
Aurkezpena
Film hau proiektatu baino lehen, hobe da ikasleei zer gai jorratuko den adieraztea. Filmaren protagonistak bi neska dira. Batak bestearekiko erakarpena sentitzen du, elkar musukatzen dute eta, beharbada, maitemindu egingo dira.
Antola ezazu eztabaida bat ikasleekin, gai hauen gainean:
Noizbait maitemindu al zara?
Ezagutzen duzu maiteminduta dagoen jendea?
Zer esan nahi du maiteminduta egoteak?
Zer sentitzen duzu zuk? Edo, zer sentitzen dute haiek?
Ikus dezakezu norbait noiz dagoen maiteminduta?
Zer gertatzen da norbait maitemintzen denean?
Beti da polita maiteminduta egotea?
Posible al da sexu bereko norbaitekin maitemintzea?
Posible al da beste erlijio batekoa den norbaitekin maitemintzea?
Posible al da zureaz oso bestelako adina duen norbaitekin maitemintzea?
Posible al da herrialde desberdinetan dauden bi pertsona maitemintzea?
Posible al da jatorri etniko desberdineko norbaitekin maitemintzea?
Zer amets dituzu etorkizunerako?
Zer itxaropen dituzu adiskidetasunaren eta harremanen inguruan?
1. ariketa: Mutilen eta nesken gauzak (estereotipoak)
Ikasleak mutilen gauzez eta nesken gauzez dauden estereotipoez ohar daitezen, ikasleei eska diezaiekezu bila ditzatela Interneten mutilen gauza tipikoen eta nesken gauza tipikoen irudiak, eta aukeratu dutenari buruz mintza zaitezkete.
Nahiago baduzu, ikasleek gaiaren araberako objektuak bildu ditzakete, adibidez: moda, lanbideak, aisialdia, kirola, telebista programak, etab. Eska iezaiezu irudi bakoitza binaka eztabaida dezatela, laukian agertzen diren galderak erabiliz. Adi egon Interneteko irudi pornografikoekin eta besteak lotsatzeko gauzak aukeratzen dituzten ikasleekin.
Zergatik aukeratu duzu hori?
Zergatik da hori mutilen/nesken gauza tipikoa?
Zerk egiten du hori mutilen/nesken gauza tipikoa?
Zer gustatzen zaizu zuri?
Mutila zarenez, nola sentitzen zara mutilentzat ez den zerbait gustatzen bazaizu?
Neska zarenez, nola sentitzen zara neskentzat ez den zerbait gustatzen bazaizu?
Mutila zarenez, nola sentitzen zara neskentzako den zerbait gustatzen bazaizu?
Neska zarenez, nola sentitzen zara mutilentzako den zerbait gustatzen bazaizu?
Egin zeure buruaren eta gustuko dituzun gauzen erretratu bat.
C: Filmaren ondoren
2. ariketa: Lehenengo inpresioak
Ikasleen lehenengo inpresioak aztertzeko, lau ideia hauekin has zaitezke:
FILMAK ZERA ERAGIN DIT...
NABARMENDUTAKO UNEAK
ALDERDI BISUALAK
GALDERAK
Ikasleei denbora tarte bat utzi behar zaie sentitu dutena ohiko arbelean edo ohar koaderno batean idatz dezaten. Beharbada laburki gai nagusiak azaldu beharko dira.
FILMAK ZERA ERAGIN DIT...
Lehen goiburu honen pean, idatziz adieraz ditzakete filma ikusi bitartean sentitu dituzten emozioak. Edukiari lotuta egon daitezke, bai eta onarpen edo gaitzespen sentimenduei ere.
HUNKITU NAUTEN UNEAK
Bigarren goiburupean, idatziz jar dezakete interesgarria iruditu zaien filmeko edozein momentu, gogoratzen dituzten uneak, zirrara eragin dieten uneak.
ALDERDI BISUALAK
Hirugarren goiburuak proiekzioan zehar antzeman dituzten alderdi bisual guztiak apuntatzeko balio du. Kamerari, soinuari, musikari, koloreari, argitasunari, antzezpenari... lotutako lanaren alderdiak.
GALDERAK
“Galderak” izeneko atalean, ikasleek ulertu ez dituzten gauzen gaineko edozein galdera egin: edukia, pertsonaiak, eszenatokia, elkarrizketa, argumentua...
Ariketa horri esker taldean "sentitzen" denaren erakusgarri bat izango duzu: eszena esanguratsuak, hainbat alderdi bisual garrantzitsu eta egindako galderak. Abiapuntu ona eztabaidatzen jarraitzeko!
3. ariketa: Non, noiz eta nork? (senari jarraitzea)
Filmean tokia eta denbora zehaztugabeak eta onirikoak dira.
Zenbait hizkuntza entzuten ditugu (arabiera, nederlandera, frantsesa eta azpitituluak gaztelaniaz/euskaraz) eta jatorri etniko desberdinetako pertsonak ikusten ditugu; neskek abesti arabiar bat kantatzen dute... Euren arropek, etxeek... ez dute segurtasun osoz adierazten istorioa non gertatzen den.
Ikasleen ustez, non eta noiz garatzen da istorioa?
Argi eta garbi hegoaldeko herrialde bat ematen du. Maroko beharbada?
Zergatik uste dute hori?
Izenburua arabiarra ematen duen letra mota batean idatzita dago; soinu-bandan ekialdeko musika entzuten da. Uretan dagoen txalupak, astoak, arrantza egiteko sareek... irudi atzerritarrak dirudite neska-mutil gehienentzat.
Paradoxikoa izan arren, film hori Herbehereen iparraldean dagoen Vlieland izeneko uharte txikian filmatu zen.
Galdetu ikasleei nola uste duten hori posible dela.
Filmaren zatirik handiena hondartzan filmatu da. Zinemagileak ura eta harea beterik ikusten ez den hondartzaren zati bat aukeratu zuen. Edozein toki izan liteke. Ez dago filmazioaren leku zehatzaren berri eman lezakeen etxerik, zabor edukiontzirik edo izozki-kioskorik. Argiztapen artifizialaren bidez eguzkitsua eta beroa dirudien giroa lortu da. Itsasoaren soinua baino ez dugu entzuten. Ez dago kotxerik, trenik, lantegirik...
Nahita egurrezko txalupa zahar bat erabili zen, plastikozko txalupa berri bat erabili beharrean; arrantza egiteko sareak ontziralekuan jarri ziren, astoa ekialdeko oihal batekin apaindu zuten eta halaxe engainatu zuten ikuslea!
Ikaskideekin bat eginda, pentsa ezazue irudiak nola erabil daitezkeen ikusleak “engainatzeko”.
Adibidez, argazki kamera bat edo eskailera bat erabil daiteke. Kameraren ikuspuntua aldatzen da honako efektu hauek lortzeko: horma batetik igotzen ari zarela, hegan egiten ari zarela, hatz bakar baten gainean zutik zaudela... Horretarako, atzealde berdin eta uniformea besterik ez duzu behar.
Horrez gain, kameratik gertuen dauden objektuek handiak dirudite, eta horretaz balia gaitezke. Zenbat eta gehiago urrundu, orduan eta txikiagoak bihurtzen dira.
Teknika hori erabil dezakezu, adibidez, honelako argazki bat ateratzeko: boligrafo baten gainean dagoen ikaslea (boligrafoak kameratik oso gertu egon behar du eta ikaslea askoz urrunago). Behin baino gehiagotan egin behar da jarrera zehatza lortzeko, baina emaitza eta dibertsioa ziurtatuta daude!
4. ariketa: Ez esan! (ziurgabetasuna eta barru-barruko sentimenduak)
Filma poema motz batekin hasten da:
“Non egiten dute pixa arrainek?
Oraingoz, inork ez daki.
Iritzien gainetik bizi dira,
Arrainek ez baitute arrazoitzen.
Arrain batentzat ez dago urik
eta urarentzat ez dago arrainik.
Ura arraina da.”
Amaieran, bi neskek elkarri musu ematen diotenean ere, ez dago elkarrizketarik. Hitz egin beharrean, neskek elkarrekin abesten eta dantzatzen dute. Film horretan Farouzik ez du gai batzuez hitz egiten, hala nola, ziurgabetasunaz eta barru-barruko sentimenduez. Aipa ezazue zenbaitetan zaila izaten dela gai jakin batzuez hitz egitea, eta zenbaitetan hori bera abesti baten letraren oinarri izaten dela.
Kantautoreek eta olerkariek, hitz egin beharrean, idatzi egiten dute. Eskatu ikasle guztiei lau eta zazpi hitz bitarteko esaldi bat idatz dezatela adiskidetasunaren inguruan. Ikasle guztiek euren esaldia denentzat ozenki irakurri beharko dute.
Denen artean, lotu esaldiak ahalik eta egokien, poesia bat edo abesti baten letra eratzeko; era berean, banaka, barneko sentimenduei buruzko testu bat ere idatz daiteke.