LGBT terminoen glosarioa
A
Aliatuak (iz.) LGTB gisa identifikatzen ez badira ere, LGBT pertsonen berdintasuna babesten duten pertsonak.
Androginia (iz.) Biko eredua ukatzea (ikusi Biko) eta generoen dinamismorako edo joan-etorrirako ahala defendatzea. Askoren ustez, generoaren estereotipoek txiki-txikitatik presionatzen gaituzte, antzematen zaigun generoari dagozkion portaera-jarraibideei hel diezaiegun.
Aniztasun (iz.) Pertsonen arteko desberdintasunak goraipatu nahi dituen berdintasunaren ikuspegia.
Armairu (iz.) - armairuan egon (Ingelesez: closet, in the closet). Termino hori erabiltzen da joera sexuala argi eta garbi adierazten ez duten lesbiana, gay eta bisexualak deskribatzeko. Erabatekoa edo neurri batekoa izan daiteke, norberaren joera sexuala zer lekutan bizi den argiro eta zer lekutan ez kontuan hartuta. – armairutik atera: norbera homosexuala edo bisexuala dela argiro adierazteko urratsa egin.
Aukera berdintasun (iz.) Kontzeptu horren arabera, pertsona guztiek berdintasuna izan behar dute –benetako aukera berdinak- lana, gizarte zerbitzuak, etxebizitza, osasuna, etab. eskuratzeko, kontuan hartu gabe beraien arraza, ezgaitasuna, adina, joera sexuala, generoa, erlijioa, ideologia, e.a. Europako herrialde guztiek dituzte berdintasunari buruzko legeak, baina lege horien norainokoa aldatu egiten da.
Aurreiritzi (iz.) Pertsona talde bati buruz aldez aurretik pentsatzen den ustea, iritzia edo epaia.
B
Berdintasun (iz.) Kontzeptu horren arabera, pertsona guztiak berdin-berdin tratatu behar dira eta eskubide berak jaso behar dituzte (politikoak, ekonomikoak, sozialak eta zibilak), kontuan hartu gabe beraien arraza, ezgaitasuna, adina, joera sexuala, generoa, erlijioa, ideologia, e.a. Printzipio horrek nagusitu behar du estatu demokratikoen jarduera publiko guztietan; gainera, pertsona guztiek duten oinarrizko eskubidea da.
Bereizkeriazko delituak (iz.) Desberdintzat jotako pertsonekiko aurreiritziek eragindako delituak dira. Europako estatu gehienetan, homofobia eta transfobia, LGBT pertsonenganako gorrotoa adierazten duten portaerak direnez gero, horrelako delituak izan daitezke.
Biko (biko eredu) (adj.) Generoak irudikatzeko eta banatzeko eredu bat, pertsonak bakarrik maskulinoak edo femeninoak direla ulertzen duena.
Biktimizazio (iz.) Bereizkeriaren aurka jarduteagatik bakarrik pertsona bati ematen zaion tratu kaltegarria, adibidez, salatzea. Biktimizazioa legez kontrakoa da.
Bisexualitate (iz.) Joera sexuala, norbaitek bi sexuekiko (emakume nahiz gizonekiko) erakarpena sentitzen duenean.
Bollera (iz. eta adj.) Gaztelaniaz (eta horren eraginez, euskaraz ere bai) lesbianentzako mespretxuzko terminoa. Gure hizkuntzan mespretxuzko hainbat hitz daude lesbianei deitzeko: mari-mutil, mari-gizon, igurtzimari, tortillera edo talo pala. Hitz horietakoren bat, “bollera” kasu, lesbiana batzuek berreskuratu eta berriz bereganatu dute, beren nortasuna berresteko. Ikusi Mari-mutil.
Bullying (iz. eta ad.) Jazarpen/jazarri hitzentzat ingelesezko terminoa. Ikusi Jazarri.
C
Closet (in the closet, ingelesez) (iz.) Armairuan. Ikusi Armairu – armairuan egon.
Coming Out (prep. ad. ingelesez) Norbaitek gay, lesbiana edo bisexuala dela argiro adieraztea. Prozesu bat da eta, horren bitartez, norbaitek gay, lesbiana, bisexuala dela onartu eta gainontzeko pertsonei argi eta garbi esatea erabakitzen du. Gure hizkuntzan “armairutik atera” esaten zaio. Pertsonak guztiz edo pixka bat “atera” daitezke, adibidez, lagunei dagokienez bai, baina ez familiari dagokionez, edo alderantziz. Ikusi Armairu - armairutik atera.
Cross-dressing (ad.) Ingelesez, trabestitu.
D
Desberdintasun (iz.) Guztiok berdinak ez garela onartzea. Desberdintasuna aitortu, onartu eta goraipatzea berdintasunezko gizarte baten garapenaren zati da. Ikusi Aniztasun.
Drag (iz.) dragging up (ad. ingelesez) Emakumez jantzitako gizona edo gizonez jantzitako emakumea. Oro har, xedea entretenitzea da. Gure hizkuntzan maiz erabiltzen dira “drag-queen” eta “drag-king” terminoak estereotipoen arabera kontrako sexuari lotzen zaion itxurarekin janzten eta agertzen direnei deitzeko, gehiegikeriaz jantzi ere, gustuko dutelako edo dibertitzeko, edo ikuskizun alai eta jostagarri batean daudelako. Drag-queen-a festako erregina da eta drag-king-a, berriz, erregea.
E
Eredu edo ikuspegi mediko edo patologizaziozko (iz.) Joera sexuala edo sexuaren eta generoaren arteko desadostasuna kontu medikoak direla uste duen eredua da. Eredu medikoaren aldekoen iritziz, LGBT pertsonek “arazo” bat dute eta arazo hori esku-hartze medikoarekin “konpondu” behar da. Eredu medikoak, beraz, homosexualitatea eta transgenero egoera patologikotzat jotzeko joera dauka. Eredu komuna izan zen mendebaldeko Europan XX. mendean zehar, baina gaur egun homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kenduta dago. Frantzian, 2010. urtean kendu zuten “transexualitatea” buruko nahasteen zerrendatik. Oraingoz, hori egin duen herrialde bakarra da.
Eredu edo ikuspegi sozial (iz.) Eredu honek giza arrazaren aniztasunaren zati gisa ulertzen du joera sexuala edota generoaren desadostasuna, ez gaixotasun gisa. Joera sexualean eta genero-identitatean aniztasunaren eredu soziala defendatzen dutenek traba moduan ikusten dituzte gizartea eta gizarteko erakundeak LGBT pertsonen aurkako bereizkeria gertatzean, haien premiei erantzuten ez bazaie. Eredu edo ikuspegi sozialak oinarritzat hartzen duen diskurtsoa gizartean hedatzen ari da eta, XXI. mendean, Europako herrialde gehienetako politika publikoetan eragiten ari da. (Ikusi goian Eredu edo ikuspegi mediko).
Estereotipo (iz.) Pertsona edo talde batez normalean izaten den ideia edo irudi finkoa. Pertsona horiengan ikusitako portaera edo ezaugarri batzuk gehiegi sinplifikatzean oinarrituta daude. Estereotipoak normalean negatiboak izaten dira. Eskuarki, mutikoak eta neskatoak genero estereotipoekin bat etortzea espero izaten da.
F
Familia (iz.) Benetako maitasunezko familia batean, ez da beharrezkoa ama emakumea eta aita gizonezkoa izatea. In vitro ernalketak, adopzioen gaineko legeetan egindako aurrerapenak eta herrialde askotan gay eta lesbianei ezkontzeko edo legezko bikote izateko eskubidea onartu izanak sexu bereko gurasoen familiak ugaritzea eragin dute. Gainera, mendebaldeko gizartean, haurrek adin txikiagoetatik aurrera adierazten dute LGB direla eta aurkezten dute euren burua transexual gisa. Horrela, familia asko beren haurrak lesbianak, gayak, bisexualak edo transexualak direla jakinda hezten ari dira beren seme-alabak. Hori edukietan eta eskolako baliabideetan islatu behar da.
Freedom Flag Harrotasunaren bandera (iz.). Ikusi Rainbow eta Ortzadar.
FTM (lab.) Female-to-male transsexual ingelesezko siglak (transexuala, emakume izatetik gizon izatera).
G
Gay (iz. & adj.) Emozionalki edo fisikoki sexu bereko norbaitek erakartzen duen gizona.
Genderqueer Ingelesezko termino alternatibo bat da, gizartean indarrean dagoen generoaren presuntzioaren biko eredua ukatzen duen pertsona izendatzeko. Ikusi Androginia.
Genero (iz.) Maskulinoa edo femeninoa izan daiteke, ezaugarri psikologikoak edo emozionalak kontuan hartuta.
Genero desadostasun (ikusi Genero disforia).
Genero disforia (iz.) Pertsona batek jaiotzako sexua ez den beste genero batekoa dela sentitzea.
Genero disforia gaixotasuntzat jotzen den egoera bat da. Medikuntzako tratamendu ezberdinak eman daitezke sentitutako sexua jaiotzako sexura egokitzeko. Barrutik gorputzetan antzematen den generoa ez den beste genero bat sentitzen duten pertsonak definitzen ditu. “Askok horren ezinegon sakona eta jarraitua pairatzen dute ezen sexu batetik besterako trantsizio-prozesua bideratzen baitute eta tratamendu medikoa jasotzen baitute euren gorputzak aldatzeko eta egokitzeko. Transexualismo izenaz ezagutzen den egoera egotzi ahal zaie.” (Whitte, 2002)
“Transgenero” hitza zabalagoa da eta generoa aldi baterako aldatzen duten pertsonak definitzen ditu. Batzuek nahiago izaten dute “genero aldaketa” erabili, disforia terminoak disfuntzio bat iradokitzen duelako eta, horregatik, konnotazio negatiboak dituelako eta buruko nahastea dakarrelako berekin. Pertsonak txiki-txikitatik duen sentimendu bat da.
Gaur egun, “trans” pertsonen mugimendu garrantzitsu bat dago transexualitatea eta transgenerismoa despatologizatzearen alde.
Generoa berretsi (ikusi Sexua berriz esleitu).
Giza eskubideak (iz.) Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean eskuarki adostutako irizpideak, pertsona guztiekin errespetatu beharrekoak, adibidez, justizia, adierazpen-askatasuna, joan-etorrirako askatasuna, tratu berdintasuna, bizitza, osotasun fisiko eta morala, duintasuna, intimitatea, eta abar.
Goraipatu (aniztasuna) (ad.) Aniztasuna eta askotariko gizarte baten balio positiboak azpimarratzeko moduak goraipatzea, berdintasuna eta giza eskubideak sustatzeko metodo gisa.
H
Harrotasun (iz.) Harrotasuna nork bere burua eta, oro har, bere komunitatea berresteko sentimendua da. LGBT harrotasunaren mugimendu berria Stonewalleko istiluen ondoren hasi zen, 1969. urtean. LGBTen harrotasun ibilaldiak urtero ospatzen dira ekainaren 28an eta mendebaldeko gizarteetan zabalduta daude.
Harrotasunaren bandera (iz.) Ikusi Ortzadar.
Hetero (iz. eta adj.) Ingelesez straight, pertsona heterosexualak izendatzeko erabiltzen den lagunarteko hitza.
Heteroarauzkotasun (iz.) Arau sozial bat da. Arau horren arabera, herritar guztiak heterosexualak, zuriak, ezgaitasunik gabeak, gazteak, erdi mailakoak, arrak eta kristauak dira. Gainontzekoak desberdinak dira eta “arazo” gisa ikusten dituzte.
Heterosexismo (iz.) Mundu guztia heterosexuala dela eta heterosexualitatea araua dela uste izatea. Instituzionalizatutako heterosexismoak esan nahi du heterosexismoa gizartean sakonki sustraituta dagoela eta sistematikoa edo egiturazkoa dela; LGB pertsonak ikusezin edo isolatu sentiarazten ditu.
Heterosexual (iz. & adj.) Emozionalki edo fisikoki aurkako sexuko norbaitek erakartzen duen pertsona.
Homofobia (iz.) Beldur irrazionala, gorrotoa, intolerantzia, aurreiritziak edo bereizkeria LGB pertsonen aurka. Gay, lesbiana eta bisexualen kontrako hitzezko abusu, abusu emozional, fisiko eta sexual gisa jar daiteke agerian. Barneratutako homofobia LGB pertsonek beren buruaren kontra ezarritako gorrotoa da. Homofobia instituzionala, berriz, gizartean sustraituta dagoen homofobia da, egiturazko seinale edo seinale sistematiko gisa. Gure hizkuntzan lesfobiaz ere hitz egiten da, lesbianen kontrako beldurra, gorrotoa, intolerantzia, aurreiritziak edo bereizkeria erakusten duten portaerak adierazteko. Era berean, barneratutako lesfobiaz eta instituzionalizatutako lesfobiaz hitz egin daiteke, lehen homofobiaz azaldu dugun zentzu berean.
Homosexual (iz. & adj.) Termino generikoa da. Emozionalki edo fisikoki sexu bereko norbaitek erakartzen duen pertsonari lotzen zaio. Lesbianak eta gizon gayak aipatzeko balio dezake. Herrialde edo testuinguru batzuetan, hitz horrek konnotazio negatiboak izan ditzake; horregatik, joera homosexuala duten pertsona askok, batez ere joera hori denen aurrean bizi badute, nahiago izaten dute “lesbiana” edo “gay” hitzak erabili.
I
Identitate sexual edo genero identitate (iz.) Pertsona bat zer sexurekin edo zer generorekin identifikatzen den azaltzen du (gizona, emakumea, maskulinoa, femeninoa). Hortaz, identitate sexuala ez da joera sexuala. Horrela, jaiotzean ar sexua eman zaion pertsona bat emakume senti daiteke eta gizonekin edo emakumeekin harremanak izan ditzake. Haren identitate sexuala edo genero identitatea emakumea izango da, eta joera sexuala, berriz, heterosexuala, lesbiana edo bisexuala, emozionalki eta fisikoki zein sexuk erakartzen duen edo duten kontuan hartuta.
Ikusgarritasun (iz.) Talde bat jendearentzat zer mailataraino dagoen agerian. LGBT gazteak askotan “ikusezin” sentitzen dira, ez baitute beraiek bezalako inor ikusten, ezta entzuten ere. Ikusezintasuna batez ere emakumeekin lotuta dago, oro har, eta lesbianekin, bereziki. Horregatik, lesbianek bereziki azpimarratzen dute ikusgarritasun handiagoa behar dela.
Intersexualitate (iz.) Bi sexuen ezaugarri fisikoak edukitzea. Intersexualak dira gizon edo emakume gisa definitzen dituen sexu kromosomatikorik gabe jaio diren pertsonak; arrunki “hermafrodita” deitzen zaie. Normalean, intersexual jaiotzen diren haur askoren jaiotzako sexua kirurgiaren bitartez erabakitzen da. Eta horrek gero genero disforia sortzen du.
Intolerantzia (iz.) Intolerantzia hitzak esan nahi du ez dela onartzen beste pertsona batzuk norberaren aldean ezberdinak izatea, eta, neurri handi batean, fanatismoan oinarritzen da; ezjakintasunean oinarritutako bazterkeria gauzatzea ere esan nahi du. Batzuek “tolerantzia” onarpenarekin nahasten dute, intolerantziaren aurkakoa delako. Hala ere, gauza txarrak ere “toleratzen ditugu”, adibidez, nolabaiteko kriminalitatea eta bandalismoa gure erkidegoan. Horrela, tolerantzia hutsak, zenbaitetan adierazten du ezberdintasunaren onarpen anbiguoa eta ez uste osokoa. Hori dela eta, ezberdintasuna guztiz onartzen dela adierazteko orduan, egokiagoa izan daiteke “goraipatu” hitza erabiltzea, “toleratu” baino. Ikusi Goraipatu.
J
Jazarpen (iz.) Ingelesez bullying. Norbaiti min emateko behin eta berriro gauzatutako jokabide oldarkorra. Fisikoa, mentala edota emozionala izan daiteke. LGBT pertsonak ez dira jazarpen homofobiko edo transfobikoa pairatzen duten bakarrak. Europako herrialdeetan, homofobiak eta transfobiak sarriegi jazarpena sortzen dute.
Joera sexual edo Sexualitate (iz.) Sexu bereko edo aurkako sexuko pertsonek emozionalki, erromantikoki edota sexualki erakartzea.
L
Lesbiana (iz. eta adj.) Hitz hori erabiltzen da emozionalki edo fisikoki emakumeek erakartzen duten emakumea deskribatzeko.
LGB (lab.) Lesbiana (L), Gay (G) eta Bisexual (B) hitzen laburdura. Sarri erabiltzen da laburdura hori. Askotan, Transexual edo Trans pertsonen T hizkia ere gehitzen zaio eta, orduan, LGBT osatzen da. Horrez gain, QQIA laburdura gehitzen zaio; ingelesez esan nahi du: Queer (arauemailea ez den sexualitate edo genero oro izendatzen du), Questioning (identitate sexuala zalantzan jartzen ari dena), Intersex (intersexualak, gizon edo emakume gisa definitzen dituen sexu kromosomatikorik gabe jaio diren pertsonak; arrunki “hermafrodita” deitzen zaie) eta Allies (aliatuak).
LGBT historiaren hilabetea: Estatu Batuetan urrian ospatzen da eta Erresuma Batuan, aldiz, otsailean. LGBT pertsonen eta euren lorpenen historia urtero baieztatzea da. Euren istorio ezkutuak gogoratzen dira eta publikoari nortzuk diren eta zer lortu duten erakusten diote.
M
Mari-mutil (iz. eta adj.) Ingelesez dyke. Lesbianentzako mespretxuzko terminoa. Ingelesez, hitzez hitz “dike” esan nahi du eta zalantzazko jatorria du. Dyke erreferentzia sexuala izan liteke, hau da, zerbaiti igarotzen ez uztea. Edo agian “dike eraikitzaile” sintagmatik dator, estereotipo ar bati erreferentzia eginez. Lesbiana batzuek ingelesezko Dyke hitza berriz bereganatu dute eta euren nortasuna berresteko erabiltzen dute. Gure hizkuntzan lesbianak aipatzeko mespretxuzko beste hitz batzuk honako hauek dira: mari-gizon, igurtzimari, bollera, tortillera edo talo pala. Ikusi Bollera.
Marikoi (iz. eta adj.) Ingelesez faggot. Gizon gay edo bisexuala izendatzen duen mespretxuzko terminoa. “Marikoi” hitza mespretxatzeko edo iraintzeko erabiltzen da eta horren ohiko erabilerak erakusten du gure gizartean homofobia dagoela ezkutuan. Ingelesezko terminoak (faggot) hitzez hitz “egur sorta” esan nahi du. Uste da kriminal konbiktuak sutan exekutatzen ziren bitartean “sodomitak” sutara botatzeko Erdi Aroko tradizioari lotuta dagoela.
Maritxu (iz. eta adj.) Portaera artifiziala, itxuratia edo amaneratua duen sexu maskulinoko norbait; estereotipo gay bat.
MTF (lab.) Male-to-female ingelesezko laburdura (transexuala, gizon izatetik emakume izatera).
O
Ortzadar (iz.) Ingelesez rainbow. LGBT pertsonen harrotasunaren ikurra. Gehien erabiltzen den adierazpidea bandera bat da, batzuetan “askatasunaren bandera” deitzen dena. Gorriak bizitza irudikatzen du, laranjak sendabidea, horiak eguzkiaren argia, berdeak natura, urdinak lasaitasuna/harmonia eta moreak espiritua.
Ortzadarraren banderaren jatorrizko diseinatzailea Gilbert Baker izan zen, 1978. urtean. Bakearen banderak horren antza dauka, baina ez da berdina: zazpi koloredun bandera hori Picassoren diseinu batean oinarrituta dago eta lehenengo aldiz 1961. urtean altxatu zen, Italiako protesta batean.
Outing (ad.) Ingelesezko aditza. Pertsona bat LGB edo T dela agerian jartzea haren borondatearen aurka. Erresuma Batuan eta Ameriketako hainbat estatutan enpresaburu batek legez ezin die beste batzuei adierazi langile bat transexuala dela haren baimenik gabe.
Q
Queer (adj.) Ingelesez “oker” esan nahi du. LGBT hitzaren ingelesezko termino alternatiboa. Mespretxuzko asmoarekin ere erabili da eta, horregatik, gay eta lesbiana batzuei ez zaie gustatzen, baina LGTB gazte askok beren burua berresteko erabiltzen dute. Pentsamendu joera bat ere deskribatzen du. Joera hori, aldi berean, gizarte mugimendu edo gizarte joera moduan adierazi da (batez ere AEBetan agertu zen, 80ko eta 90eko hamarkadetatik aurrera). Pertsonen arteko ezberdintasuna zentzu zabalean sustatu nahi du, eta identitate finko edo estatikoetatik ihes egiten du, pertsonen ahalmenak aldakorrak eta era askotakoak direla aldeztuz.
Questioning (ad.) Hitzez hitz: bere buruari galdezka. Bere buruari galdetzen dion pertsona deskribatzen du, bere joera sexualaz ziur ez dagoena.
R
Rainbow, ikusi Ortzadar.
S
Sexu (iz.) Ezaugarri sexualaren arabera, maskulinoa edo femeninoa izan daiteke.
Sexua berriz esleitu (ad.) (kirurgia) Sexu fisikoa aldatzeko ebakuntza medikoa, genitalak barne hartuta. Batzuetan, sexua berrestea deitzen zaio. Europa osoan helduen esku dago kirurgia hori, eta osasun sistema publiko batzuetan herritarrentzako prestazioen artean sartuta dago.
Straight Hetero (iz. & adj.). Ingelesez, heterosexualak izendatzeko lagunarteko terminoa.
Straight ‘acting’ (adj.) (hitzez hitz, hetero itxura izaten saiatzen diren pertsonak) Kanpotik gay edo lesbiana itxurarik ez duten gay eta lesbianak izendatzen ditu.
Ikusi Maritxu. Ikusi Hetero.
T
Tolerantzia (iz.) Ikusi Intolerantzia.
Tolerantzia zero (iz.) Berdintasunaren ikuspegi bat da. Arrazakeria, homofobia, transfobia, aniztasun funtzionalaren gutxiespena, eta abar erabat gaitzestearen alde egiten du, haurtzaroko irainak barne direla.
Trabesti (iz.) Jaiotzako sexuaren aurkakoarekin lotutako arropak janzten dituen pertsona. Jendaurrean edo esparru pribatuan gerta daiteke, batzuetan edo une oro. Ingelesez cross-dressing hitza ere erabiltzen da.
Cross-dressing eta trabesti hitza gehiago erabiltzen dira gozamen sexualerako helburuarekin gizonetik emakumera egindako trabestismoa deskribatzeko. Dena den, trabestismoaren tradizio historikoa dago, bai gizonetik emakumera bai emakumetik gizonera, erosotasunagatik, segurtasunagatik eta beste hainbat arrazoirengatik.
Trans (Trans pertsona) (iz.) Nagusitzen diren genero-eginkizunetara oro har egokitzen ez den pertsona.
Transfobia (iz.) Gorrotoa, beldurra, intolerantzia, bereizkeria, zentzugabeko aurreiritziak trans pertsonen aurka. Trans pertsonen aurkako hitzezko abusu, abusu emozional, fisiko eta sexualen bitartez jar daiteke agerian.
Transgenero (adj.) (transgenero pertsona) (1. esanahia) Trans-en gauza bera.
Transgenero (adj.) (transgenero pertsona) (2. esanahia) Jaiotzean eman zioten sexua/generoa ez den beste batekin bizi dena, baina generoa berriz esleitzeko kirurgiarik egin ez duena.
Transexual (iz. eta izond.) Legezko termino bat da. Horren arabera, pertsona bat sexua berriz esleitzeko kirurgia egiteko bidean da, egiten ari da edo dagoeneko egin du. Iraingarria da pertsona bat transexualtzat jotzea (zenbait kasutan, homosexual bati gay edo lesbiana deitzea iraingarria den bezalaxe) eta, edonor identifikatzerakoan, berak sentitzen duen sexua (gizon edo emakumea) aipatuz egin beharko genuke beti. Hala ere, adjektibo gisa erabil daiteke, adibidez, “estatus transexuala” edo “egoera transexuala”.
Z
Zapalkuntza (iz.) Aginpidea edo boterea gogortasunez, errukirik gabe eta bidegabe baliatzea.
Zirikatze (iz.) Molestatu, mindu edo hertsatzeko erabil daitekeen jokabide maltzurra; izaera sexualekoa izan ohi da (jazarpen sexuala); Jazartzeko beste modu batzuen antzera (bullying), zirikatzea homofobiak edo transfobiak sortu ohi du.
Zisgenero (iz. eta adj.) Pertsona bati ematen zaion kalifikazioa, jaiotzako sexua eta identitate sexuala guztiz bat etortzen direnean.