Skip to content

Filmen hautaketa

Haurren Zinemako Europako Elkartea (ECFA, ingelesezko siglak) arduratu zen pelikulak aurretiaz hautatzeaz. Azken aukeraketan Rainbow proiektuko kideek elkarrekin parte hartu zuten. Arduraz errespetatu ziren sentsibilitate eta ikuspegi ezberdinak, irudiak herrialde kolaboratzaileetako errealitate ezberdinetara egokitzea, baita eztabaida publikoaren maila ezberdinak ere. Filmak eztabaida zabal –eta batzuetan, bizi- baten ostean aukeratu ziren; berdintasunerako bidean gure herrialdeetan izan den aurrerapen-maila desberdinarekiko dugun sentikortasunak sortu zuen eztabaida. Aniztasun sexualari eta genero aniztasunari buruzko eztabaidaren ikuspegiek estatu baten egungo ohiturak dituzte oinarri, Europako legeak baino gehiago. Jakin badakigu honako hau aurpegiratu diezaguketela: pakete berbera ematen ari garela, “guztiontzako kafea”ren antzeko zerbait herrialde ezberdin batzuei, eta herrialde horiek kultura-, historia- eta politika-bide oso desberdinetatik iritsi direla orain gauden tokira. Oso film onak baztertu behar izan ditugu herrialde batzuetan eztabaidak saihesteko. Baina garrantzitsuena zera da: nahiz eta zenbait irudi edo elkarrizketa -badaezpadako neurriak hartu arren- herrialde batzuetan probokatzaileak izan daitezkeen, espero dugu arrazoi horrexegatik galdera berriak eragitea eta, ondorioz, gizarte eztabaidaren maila igotzea lor dezaten.

Gure gaia lantzeko egokiak izan zitezkeen film laburren kopurua, kalitatea eta kokapena islatzeko datu-base bat sortu zen hasieran. Hasierako azterketa horren emaitzetatik abiatuta, proiektatu eta eztabaidatu ziren film laburren edo filmen laburpenen lehen hautaketa egin genuen, gai anitz jorratuko zituen tresna-joko bat diseinatzeko.

Film laburrak hautatzeko irizpideen artean honako gai hauek bildu ziren:

Funtsezkoa zen filmen aukeraketak kalitate artistikoa eta kultura-balioak isla zitzan eta, edukiaz gain, produkzioaren kalitatea eta haur eta gazteentzat zeukan esanahia ere aintzat har zitzan. Film multzoa adin eta gaitasun ezberdinak dituzten ikasleekin erabil daiteke. Gaiak oinarrizko mailan azter badaitezke ere, material horiek ikasleen ulermena zabaltzeko ere erabil daitezke, baita ere ikasleek pelikulez, horiekin lotutako gaiez eta film bakoitzak gogora ekartzen duen testuinguru zabalagoaz interpretazio konplexuagoak eta sakonagoak aurkitzeko.