Skip to content

Geletan segurtasuna sortzen

Irakasleek eremu segurua sortu behar dute, ikasleek gai zailak aztertu eta sakondu ditzaten. Jakina, horrek garrantzi izugarria dauka gai honetan. Honako jarraibideak eskaintzen ditugu, ongi funtzionatzen duela erakutsi duen tresna baliagarri gisa.

Lan akordioaren zirriborroa

Eskubideak eta erantzukizunak

  • Errespetatzen dugu parte-hartzaile bakoitzak saio/ariketa bakoitzean nola parte hartuko duen erabakitzeko eskubidea, baita bere ikasketa/ekarpenari dagokionez duen erantzukizuna ere.
  • Beraz, adosten dugu elkar ez presionatzea.
  • Onartzen dugu eskubidea/erantzukizuna dugula:
    • Gainontzekoengandik datozkigun hainbat etiketa pertsonal eztabaidatzeko /zalantzan jartzeko;
    • gainontzekoek dituzten uste estereotipatuak ez onartzeko; eta
    • geure burua orokortze murriztaileetatik babesteko.

Elkarrekintzak

  • Galderak egitea sustatzen dugu, iritziak nola berdintzen edo ezberdintzen diren argitzeko, egiaztatzeko edo ezagutzeko.
  • Norbait hitz egiten ari bada, mozteko baimena eskatzea adosten dugu, hura esaten ari denari buruzko iruzkin edo galdera bat nahi egin dugunean.
  • Ikasketa-prozesu honetan eta ezarritako gure helburuak lortzean eginkizun konstruktiboa hartzea adosten dugu.
  • Norbanako gisa dugun esperientziaren ikuspuntutik hitz egitea adosten dugu, izan ere, gutako bakoitzak balio berbera dauka eta gure ideiak, iritziak eta sentimenduak baliotsuak dira, partekatuak izan ala bakarrak izan.

Konpromisoak

  • Ezarri ditugun denbora mugak errespetatzea eta muga horietan egin nahi dugun edozein aldaketa negoziatzea adosten dugu.
  • Taldea aintzat hartzen dugula erakusteko, lantegi batetik lehenago ateratzeko edo ez joateko asmoa badugu, taldeari jakinaraziko diogu.

Ikasketa

  • Onartzen dugu lantegian egindako adierazpenak edo azaldutako jarrerak aldatu eta garatu egin daitezkeela. Ez dira finkoak behin betiko.

Isilpekotasuna

  • Lantegian emandako informazio pertsonala errespetatzen dugu, taldean esan dena ez errepikatzea adostuz, informazio hori taldeko kide jakin bati egoztea saihesteko. Baliteke taldeak prozedura bat eztabaidatu eta negoziatu nahi izatea, baldin eta, lantegiaren ondoren, gaiak harago eraman nahi badira eta taldearekin lan egiten duen edonori horren berri eman nahi bazaio.

Atzeraelikadura konstruktiboa

  • Animatzaileek, prestatzaileek edo hezitzaileek esandako edo egindako zerbait mingarria, desatsegina, nekagarria edo deserosoa iruditzen bazaizu, arren, jakinaraz iezaiozu, taldean bertan edo atsedenaldi batean. Modu horretan, besteak beste, gure jokaerak eta ikasitako jarrerak eztabaidatzen jarraitu ahal izango dugu. Gainera, hori oso garrantzitsua da pertsona guztiei zor zaien errespetua ziurtatzeko, gizaki zaurgarriak garen aldetik.

 

Hasi giroa prestatzen

Atal honetan, hainbat ariketa proposatzen ditugu, filmak testuinguruan kokatzeko eta haien sarrera gisa. Irakasleak ariketaren bat aukera dezake edo guztiak erabil ditzake, egokia iruditzen bazaio. Gehienak, hala ere, oso erabilgarriak dira gelan partekatutako segurtasun giroa bermatzeko.

Taldean egon daitezkeen iritzi ezberdinak aztertzeko, irakasleek honako lotura jokoa proba lezakete:

Ikasle bakoitzak “homo-“ edota “transexualitate” hitzarekin lotzen duen hitz bat emango du (arbelean idatz dezake). Horrela, irakasleak jakin ahal izango du gelan sentimenduak gutxi gorabehera nola antolatuta dauden eta, horren arabera, zer gai landu behar diren lehendabizi. Beharrezkoa bada, hori lagungarria ere izan daiteke gela zehatz horretarako egokiak diren filmak aukeratzeko.

Jarraian, irakasleek generoaz, identitate sexualaz eta jokabide sexualaz dauden isileko zenbait arau jakinarazi beharko lizkieke ikasleei. Sexu bereko norbaitekin maitemintzea bezalako gaiak edo transgenero hitzaren esanahia azal litezke, baina onena da azalpen laburra eta eskematikoa ematea. Haurren adinaren eta filmaren gaiaren arabera (irakasleek filmak ikusi behar dituzte, gelan proiektatu baino lehen) hainbat galdera proposa daitezke, ikasleek filma ikusten duten bitartean erantzun ditzaten. Adibidez: saia zaitez gogoratzen heteroarautzat jotako arau bat (aurretik hitzaren esanahia azaldu).

Eskolak dirauen bitartean ikasleak galderak egitera animatu behar ditu ikasleak. Hala, gustura sentituko dira eta batzuen eta besteen erantzunek ikuspuntu desberdinak onartzen lagunduko diete. Iritzi eztabaidagarriren bat agertzen bada, irakasleak informazio egokia eskain dezake. Filmak honelako galderak eragingo ditu: haurren arteko jazarpena, imitatu beharreko ereduak, erlijioa, armairutik ateratzea (gay edo lesbiana zarela esatea) eta sexualitatearekin lotutako kontuak. Egokia izan daiteke galderarik premiazkoenetariko batzuei lehen lotura-jokoa egin eta berehala erantzutea.

Filmak ikusi ondoren, eztabaida

Pelikula ikusi eta gero, utzi ikasleei haren gainean lehenengo iritziak ematen. Horrek ere lagunduko dizu eztabaida nolako zailtasun-mailara irits daitekeen zehazten.

Saia zaitez modu objektiboan eztabaidatzen ikasleek ikusitakoa: Zer ikusi duzue? Denek gauza bera ikusi dute? Portaerazko jarraibideren edo patroiren batzuk antzeman daitezke? Filmeko pertsonaiak gizarteak markatutako ‘arauei’ jarraitzen zaizkie? (Hizpide ditugun gizarte-arauak askotan isilekoak izaten dira, hau da, berariaz adierazi ez direnak, hala nola heterosexualitatearen araua edo genero-rolei buruzko arauak; horiek modu batera edo bestera ager daitezke filmetan). Gizartean isilean gordetako ‘arau’ horiek berariaz adierazita dauden beste arau sozial batzuekin konparatzeak, nahiz eta azken horiek beti ez diren betetzen (adibidez, semaforo gorriaren aurrean gelditzea bizikletan ibiltzean, edo ez erretzea adin txikikoa izanez gero) eztabaida irekia susta dezake arau sozialak inposatzeko indar ezberdinaren gainean.

Azaldu ikasleei heterosexualitateari eta generoari buruzko ‘arau’ inplizituak isileko arauak direla, idatzi gabekoak, eta pertsonak are gehiago mugatzen dituztela. Gizarteratzen hasi bezain laster, gazteek ulertzen dituzte arau horiek. Oso haur txikiek ere ulertzen dute gai batzuez ez hitz egiteko baldintza; beraz, inork ez du horietaz berba egiten eta gai ‘tabuak’ bihurtzen dira. Isiltasuna da ezberdinak sentitzen diren pertsonak erreprimitzeko lehen modua -eta oso eraginkorra izan daiteke-.

Horrek ‘arau’ horien zentzua zalantzan jartzera garamatza. Zergatik da hori (heterosexualitatea edo genero estereotipatuaren eginkizuna) arau bat? Zer jatorri du? Nork erabaki du mutila izateak modu jakin batean jokatzea esan nahi duela? Nork erabaki du neska izateak mutilak gustuko dituzula esan nahi duela, neskak gustuko izan beharrean? Zergatik horrek zentzua modu berean izan behar du gutako edozeinentzat?

LGBT izateagatik harro egotearen ideia ariketa ixteko modu ona izan liteke. Denok gainditu behar izaten ditugu oztopoak bizitzan zehar, eta benetan harro sentitzera irits gaitezke oztopo horiek gainditu izanagatik. Gizarteak zailtzen du LGBT izatea. Ezberdina izatearen zailtasuna gainditzeari buruz zer sentimendu izango lituzketen imajina dezatela eska lekieke klaseko ikasle guztiei. Horrela, mundu heterosexual batean LGBT izateagatik harro egoteak, mundu zuri batean beltz izateagatik harro egoteak edo mundu kristau batean taoista, musulmana edo budista izateagatik harro egoteak zer esan nahi duen imajinatzera bultzatuko litzaieke. Baina puntu horretan garrantzitsua da aitortzea ez litzatekeela harrotasun bera sentituko lesbiana izateagatik lesbianen munduan, beltza izateagatik mundu beltzean edo musulman izateagatik mundu musulmanean. Horren haritik, “berdinen’ taldean dauden gainontzeko pertsonekiko ezberdina izatearen zailtasuna gainditu izanak sentiarazten du norbait harro.

Klaseko guztiek euren artean zer den ezberdina identifikatzen saiatzen badira, orduan ulertuko dute talde osoak aniztasunarekiko elkartasuna garatu dezakeela eta jokabide ezberdinak estigmatizatzeari utzi ahal izango diote. Horrela uler dezakegu taldearen babesa lagungarri izan daitekeela jendeak bere ezberdintasunarekiko konfiantza senti dezan.

Irakasleak ikasleei galdetu ahalko die bakoitzak zer iritzi duen eztabaidari buruz, zeren falta sumatu duten edo zer ezagutu nahiko luketen sakonkiago. Erabilgarria izan daiteke baliabideen adibideak ematea, euren kabuz informazio gehiago lor dezaten.