Skip to content

From Lucas to Luus

Still

Filmari buruzko informazioa

Jatorrizko izenburua: Van Lucas naar Luus
Iraupena: 18 min.
Zuzendaria: Charlotte Hoogakker
Jatorrizko herrialdea: Herbehereak, 2005
Hizkuntza: Nederlandera
Generoa: Dokumentala
Gomendatutako adina: 8 - 10 urte

Laburpena

Jaiotzean, Luus Lucas zen, mutil bat. Baina bere buruan benetan neska bat zen. Eta ondoren zer? Nola bihurtuko zara neska, eta nola da mutil bat izaten jarraitzea hala ere? Nesken aldageletan sar zaitezke edo mutilekin joan behar duzu? Eta zer gertatzen da igeri egitera zoazenean? Luusek azaltzen digu, eta dena azaltzen digu bere eskolako lagunen galderei erantzunez.

Gai nagusiak

Oztopoak gainditzea – Nork bere eskubideen alde borrokatzea
Genero disforia
Identitatea
Familia
Kideen arteko harremanak

Still

Aurrekariak

Trans gaiei buruz oso gutxitan hitz egiten denez gero, oinarrizko zenbait ideia eskaintzen ditugu.

Maskulinitatea eta feminitatea ez dira bitariko eredua

Maskulinitateari eta feminitateari buruzko jarrera onartuak eta eraikiak aldatu egiten dira denborarekin, eremu geografikoarekin eta gizarte mailarekin. Gizon eta emakumeentzat rol zehatzak ezartzen eta inposatzen ditugunean, homofobia eta transfobia sustatzen ari gara, gizonen eta emakumeen jokabide jakin batzuk bakarrik onartzeagatik eta haiei balioa emateagatik.

Beraz, pertsona batzuek rol horiek aldatzen dituztenean, feminitatearen eta maskulinitatearen arteko mugak lausotzen dituztenean, beste pertsona batzuk izutu egin daitezke eta eroso sentitzen direneko jokabide eta roletara itzultzera behartzen saia daitezke. Zenbaitetan hori guztia eraso eta indarkeriaren bidez egiten dute.

Pertsonek euren generoa adierazteko duten modua hainbat faktoreren mende dago, adibidez, non bizi diren edo zenbat diru eta botere duten. Jendez gainezka dagoen XXI. mendeko Londreseko tren batean zure ingurura begiratzen baduzu, maskulinitate eta feminitate adierazpen asko ikusiko dituzu eta horiek janzteko eta jokatzeko moduan nabarmentzen direla antzemango duzu. Emakume batzuek minigonak eta takoi altuak jantziko dituzte, beste batzuek bakeroak eta zapata lau eta erosoak, eta beste zenbaitek chadorra. Zenbait gizonek traje grisak jantziko dituzte, beste hainbatek lan-jantziak eta lanerako botak, gizon batzuek ile luzea izango dute eta beste batzuek jantzi afrikarrak eta burukoa.

Horiek guztiek armairuan dutena jakingo bazenu, beharbada harrituta geratuko zinateke. Bakeroak eta zapata lauak janzten dituzten emakumeek loredun soinekoak eta makillajea izan ditzakete; minigona daramatenek praka-janzkia izan dezakete; lan-jantzia daramatenek kolore biziko praka estuak izan ditzakete, eta traje griseko gizonak soinekoak eta ileordeak ere izan ditzake, eta haietaz ere goza dezake. Turbantea edo chadorra daramaten emakumeek mendebaldeko estiloko soinekoak ere izan ditzakete, mota askotakoak, bi generoekin lotu daitezkeenak. Argi dago kontua ez dela gauza bat ala bestea aukeratzea. Eta, hala ere, sexuaz eta generoaz hitz egiten diguten eskola-liburuak ikusten ditugunean, sarriegi irudi sinple eta bikoa eskaintzen digute, eta irudi hori ez dator bat errealitateak erakusten duen aukera-aniztasun horrekin.

Eta genero-estereotipoek nola sustatzen dute homofobia eta transfobia?

Genero-estereotipoak indartzen dituzten adierazpenak, irudiak edo ipuinak onartzen ditugunean, emakume eta gizonei buruz pentsatzeko modu hertsia sustatzen ari gara eta, normalean, estereotipo horiek indartu egiten dituzte gizonaz, maskulinitateaz, emakumeaz eta feminitateaz eraikita dauden teoria negatiboak.

Beraz, pertsonek euren generoan “bizitzeko” dituzten aukerak murriztera bultzatzen dute, eta jarrera gutxiesgarriak sustatzen dituzte estereotipo horiek zalantzan jartzen dituzten pertsonekiko.

Nola jar ditzakegu zalantzan generoaren estereotipoak?

Eskola misto batean baldin bazaude, ziurta ezazu ez dituzula generoaren arabera taldeak aukeratzen edo ikasleak banatzen. Izan ere, hori da estereotipoak eta jarrerak indartzeko modurik ziurrena. Era berean, ziurta ezazu zure liburu eta irudi guztiek herrialdean dauden talde etniko ezberdinak islatzen dituztela, eta, era berean, oso jokabide ezberdinak dituzten gizon eta emakumeak erakusten dituztela. Horrela, emakume kamioi-gidariak erakusten badituzu, ziurtatu denak zuriak eta oztopo fisikorik gabekoak ez izatea.

Ziurta ezazu, orobat, zalantzan jarriko dela edozein iruzkin edo jarrera sexista, eta azal iezaiezu ikasle guztiei ikastetxeak zergatik ez duen halakorik onartzen. Hezi itzazu ikasleak hizkuntzaren garrantziaren gainean, eta susta ezazu bi generoak barne hartzen dituen hizkuntza-erabilera.

Rainbow gelan, sorta zabal baten barruan –continuum batean- mugitzen den zerbait bezala aztertu nahi da generoa. Horrek ikasleei euren generoa nola ‘bizi’ nahi duten aztertzeko aukera ematen die.

Still

Jarduerak

A. Filmaren aurretik: Aurkezpena  
  1. ariketa Naizena naiz Binaka
B. Filma proiektatzea  
C. Filmaren ondoren:  
  2. ariketa Lehenengo inpresioak Denak elkarrekin
  3. ariketa Lagunak Denak elkarrekin
  4. ariketa Zer? Banaka

A: Filmaren aurretik
1. ariketa: Naizena naiz (genero disforia)

Azaldu ikasleei denak ez direla neska edo mutil gisa jaiotzen, genero biologikoa nahiko konplexua dela. Mutil guztiek ez dute sentitzen mutila izatea dagokiela, eta neska guztiak, halaber, ez dira ondo sentitzen neska izanda. Batzuetan mutila dirudien norbait neska sentitzen da, film horretako pertsonaia nagusia bezalaxe. Lucasek azaltzen du mutil jaio zela, baina bere burmuinak zera esaten diola: neska zara! Bere gurasoek genero disforiari buruzko informazioa topatu zuten Interneten. Orain Lucasek Luus du izena: neska da. Pelikula abesti batekin hasten da: "Naizena naiz”. Lucas mutil gisa hasten da eta orain neska da. Filmean Lucas izatetik Luus izaterako bilakaeraren argazki asko ikusten ditugu.

Zer zara? Nola sentitzen zara?
Eska iezaiezu ikasleei ekar ditzatela urteetan barrena izan duten bilakaera islatzen duten beraien argazkiak Ikus ezazue nola aldatzen garen.

 

C: Filmaren ondoren
2. ariketa: Lehenengo inpresioak

Ikasleen lehenengo inpresioak aztertzeko, lau ideia hauekin has zaitezke:

FILMAK ZERA ERAGIN DIT...
NABARMENDUTAKO UNEAK
ALDERDI BISUALAK
GALDERAK

Ikasleei denbora tarte bat utzi behar zaie filmak iradoki diena arbelean edo ohar koaderno batean idatz dezaten. Beharbada laburki azaldu beharko dira gai nagusiak.

FILMAK ZERA ERAGIN DIT...
Orri horretan idatziz adieraz ditzakete filma ikusi bitartean sentitu dituzten emozioak. Edukiari lotuta egon daitezke, bai eta onarpen edo gaitzespen emozioei ere.

NABARMENDUTAKO UNEAK
Bigarren orrialdean idatziz jar dezakete gustatu zaien filmeko edozein momentu, gogoratzen dituzten uneak, zirrara eragin dieten uneak.

ALDERDI BISUALAK
Hirugarren orrialdeak proiekzioan zehar antzeman dituzten alderdi bisual guztiak apuntatzeko balio du. Kamerari, soinuari, musikari, koloreari, argitasunari, antzezpenari... lotutako lanaren alderdiak.

GALDERAK
“Galderak” izeneko atalean, ikasleek ulertu ez dituzten gauzen gaineko edozein galdera egin dezakete: edukia, pertsonaiak, eszenatokia, elkarrizketa, argumentua...

Ariketa horri esker, ikasleek "sentitzen" dutenaren erakusgarri bat edukiko duzu: eszena esanguratsuak, hainbat alderdi bisual garrantzitsu eta egindako galderak. Abiapuntu ona eztabaida jarraitzeko!

Still

3. ariketa: Lagunak (kideen arteko erreakzioak)

Luusentzat oso garrantzitsua da bere lagunek nola erreakzionatuko duten. Bere gurasoen babesa sentitzen du, baita lagunena ere: mutilena eta neskena! Lagunak oso garrantzitsuak dira berarentzat. Bera ikasten ari den lehen hezkuntzako ikastetxe horretan, bera izan daiteke. Nesketako bat da eta mutiletako bat! Baina beldur da jazarpena pairatzeko eta bigarren hezkuntzako eskolara bisitan joateko.

Zuretzat segurua al da zure eskola?
Norbaiti jazartzen zatzaizkio?
Inor jazartzen zaizu?
Ezberdina izan al zaitezke modu irekian?
Jazarpenerako protokolorik ba al dago?
Irekiera-girorik ba al dago?
Edonor bera dena izan daiteke?

 

4. ariketa: Zer? (Kideen galderak)

Film honetan, hainbat lagunek mota guztietako galderak egiten dizkiote Luusi. Nola gertatu zen hori eta nola sentitzen zara beste horrekin?
Luusek galdera guztiei erantzuten die. Lagunek jakin-mina dute eta benetan interesatzen zaie Luusen garapena.

Idatz itzazu beste pertsona batzuei egin nahiko zenizkiekeen hainbat galdera: lagunei, gurasoei, auzokideei, anai-arrebei, aitona-amonei eta irakasleei, tutoreei.
Zer jakin nahiko zenuke?
Zerk eragiten dizu jakin-mina?
Zer interesatzen zaizu?
Saia zaitez galdera horiek pertsona horiei egiten!